indar elektroeragile

1. Fis.
sin. iee

Zirkuituetan karga elektrikoak higiarazten dituen energia elektrikoaren iturria. Izenean indar hitza agertzen bada ere, egiatan energia-iturria da, eta ez indarra. Indar elektroeragilearen jatorria kimikoa izan daiteke: bateriak energia kimikoa indar elektroeragile bilakatzen du. Eguzki-zelulak Eguzkitiko energia indar elektroeragile bilakatzen du. Termopareak indar elektroeragile bat sortzen du tenperatura-desberdintasunaren ondorioz. Eta energia elektrikoaren instalazioetan, erregai fosilak, fisio-energia, uraren energia edo haizearen energia erabiltzen dira energia mekanikoa lortu eta indar elektroeragilea sortzen duten sorgailuak birarazteko. Ohiko sorgailu elektrikoei dagokienez, karga elektriko batek eremu magnetiko bat zeharkatzen duenean edo zirkuitu elektriko batek inguratzen duen fluxu magnetikoa aldatzen denean induzitzen da karga elektrikoaren gainean indar elektroeragilea. Haren balioa fluxu magnetikoaren aldaketaren abiadurarekiko proportzionala da. Sorgailuetan, kargarik gabe sorgailuaren borneetan neurtzen den tentsio elektrikoa, hutseko tentsioa alegia, sorgailuan induzitzen den indar elektroeragilea da.